GUDARI

MS E IP

 

TESTIMONIO:


Atxiloketa goizeko hamar t'erdiak aldera gertatu zen, Arrasaten, menditik jeisten ari ginela. Lau bat patrol gerturatu ziren, Guardia Zibilarenak denak, eta bat gure parean geratu zen. Kasualitatez atxilotu gintuztela esango nuke, hori da orain dudan irudipena. Karnetak eta motxilak eskatu zizkiguten, eta zoko batera bidali gintuzten, motxilak arakatzen zituzten bitartean mendira begira egon gintezen. Ustez, motxiletan zer zegoen ikusi zutenean Patrolera hurbiltzeko esan ziguten, kotxearen kontra jarri, hankak ireki eta eskuak bizkarrera esposatu zizkiguten. Horrela Patroletan sartu gintuzten Igor eta biok, bakoitza batean. Guardia Zibil guztiak uniformez jantzita zeuden.

Kotxean sartu eta segidan kolpeka hasi ziren. Aurpegian, ukabillarekin, eskua irekita, buruan, saihetsetan, esposetatik tiraka, estutzen... Oso gogorra. Erokeria. Nire ezkerrera zijoanak ematen zidan egurra batez ere. Atea irekitzen zuten eta kanpotik ere jotzen ninduten. Batez ere sahietsean, ostikoak eta kolpeak. Bost minutu edo egin genituen kotxe hartan. Martxan hasi ginen eta pista hantzeko bat nabaritu nuen. Kotxetik bortizki atera eta maldan behera eraman ninduten. Nik ez nuen ez ezer ezta inor ere ikusteko hastirik, erritmo bizian narabilten. Maldan behera nindoala lurrera erori nintzen eta hantxe beste paliza bat eman zidaten. Kolpe eta ostiko festa zen. Pistola batekin exekuzio simulakro bat ere egin zuten. Beldurra, zalaparta eta kolpeen ondorioz, tiroa entzun nuen edo ez gogoratzerik ez dut, ezinezkoa zait. Bost hamar minutu eduki ninduten lurrean kolpeka. Mehatxuak eta oihuak ere izugarriak ziren: Zabaltzari egin ziotena egingo zidatela, gorriak eta bi pasako nituela, hasi besterik ez ginela egin... Ez nuen Igor ikusi, ez nekien non zegoen. Patrolean sartu ninduten eta hantxe utzi ninduten bakar bakarrik. Noizean behin atea irekitzen zuten eta kolpeka aritzen ziren nerekin. 10-20 minutu eduki ninduten bertan.

Ondoren Intxaurrondora gindoazela esan zidaten. Bidean kolpe gehiago, sahietsetan eta buruan batez ere. Burua beruntz bultza eta eskuak gorarte altxatzen zizkidaten eta esposak geroz eta gehiago estutu. Dena mehatxu, irain eta oihuen artean. Jasangaitza zen.

Intxaurrondon gela batetan sartu ninduten eta paisanoz jantzitako bi pertsona etortzen dira. Kaputxatuta zetozela iruditu zitzaidan eta gazteak zirela. Oinetakoak besterik ezin nizkien ikusi, burua lurrerarte makurtu arazten zidaten. Kirola egiteko oinetakoak ziren eta galtzak bakeroak ziruditen. Manta bat jarri zidaten burutik behera eta lepo aldean estutzen zidaten. Kolpeak leku guztitatik erortzen zitzaizkidan. Galderak eta kolpeak. Saihetsak gaizki ditudala esaten didate eta hortxe jotzen naute: “Estás en Intxaurrondo”, “Sabrás lo que es bueno”, “nosotros somos los buenos” eta hantzekoak oihukatzen zituzten etengabe.

Argazkiak ateratzera eta hatzmarkak hartzera beste gela batetara eraman ninduten. Hau bukatuta lehengo gela berdinera.

Berriro pertsona batzuk sartzen dira eta Lesakara eraman bitartean tratu berdinarekin jarraitzen dute. Manta buru gainetik, kolpeak, mehatxuak......
Azkenean kotxe normal batean sartu ninduten. Ez naiz gogoratzen zenbat pertsona gindoazen kotxean, baina bi behintzat banituen ondoan. Nik ezin nuen ezer ikusi, burua makurtuta eramatera behartu ninduten. Bidai horretan ez ninduten jo, baina mehatxuekin jarraitzen zuten: Etxekoei ezer ez kontatzeko, ezertxo ere ez egiteko, etxekoek ordainduko zutela bestela... Miaketarekin bukatu eta berriro kotxe normal batean sartu ninduten, ez dakit lehengo kotxe bera zen edo ez. Handik Donostiara joan ginen. Han bi mediku zeuden gela batetara sartu ninduten. Bi neska gazte ziren. Tratuari buruz ez nien ezertxo ere kontatu. Anaia atxilotuko zutela esan zidaten Guardia Zibilek. Epaileak aske utziko zuela, baino 5 egun edukiko zutela anaia euren eskuetan eta torturatu egingo zutela. Anaiarena zen guk genuen kotxea eta ustez erreza izango zitzaien atxiloketa agindua lortzea.

Hortik berriro kotxean sartu ninduten, aurreko Guardia Zibilekin eta Madrila bidean jarri ginen. Ezkerrean zijoanak dagoeneko minduta neuzkan sahietsetan jotzen zidan etengabe. Eskubikoak eskularru bat jarri zuen eta barrabiletatik tiraka ibili zen. Jo, estutu, tira, bira... Tarteak arnas pixkat hartzen uzten zidaten, baino oso denbora laburrez. Tentsio eta erritmo oso altua zeramakiten. Eta nik beste hainbeste.

Madrila iritxi eta zuzenean ziega batetara sartu ninduten eta “eskubideak” esan zizkidaten: Zutik egon behar nuen, pareta ikutu gabe eta norbait sartzen zenean antifaz bat jarri behar nuen eta lurrera begiratu. Antifaza telazkoa zen, baino gogorra.

Gutxira nire billa etorri ziren eta ondoren askotan errepikatuko zen prozedura beldurgarriarekin hasi ziren. Atea jotzen zuten, nik antifaza jartzen nuen, lurrera begiratu eta millaka buelta eman ondoren galdeketa gelara sartzen ninduten.

Galdua dut zeharo hemendik aurrera gertatutakoaren orden kronologikoa. Ezin dut zehazki oroitu. Galdeketa hauek hasi zirenetik Audientziara eraman ninduten arte tratu berdina jaso nuen, azken egunerarte behintzat. Azken egun honetan lo egin ahal izan nuen pixka bat eta eraso fisikoak bukatu ziren behintzat. Eraso psikologikoak inondik inora ez ziren bukatu.

Galdeketa asko jasan nituen eta oso luzea. Oso tarte txikia neukan galdeketa eta galdeketa artean ziegan “deskantsatu” ahal izateko.

Dena ametsgaiztoa zen, jasangaitza. Galdera, oihuak, humiliazioak, kolpeak, poltsa.... Kolpeak gehienbat saihetsetan eta barrabiletan ziren.

Beraien artean taldetan banatuko balira bezala zen. Denak ziren txarrak, baina bazegoen talde bat okerrena zena. Euretako baten ahotsa ezingo dut inoiz ahaztu, barruraino sartu zait. Nagusia zela zirudien.

Geroz eta gogorrago torturatuko nindutela zioten: Poltsa, bainera, elektrodoak..... Anaia atxilotuko zutela zioten behin eta berriz, beraien eskuetan zegoela erabaki hori hartu edo ez. Senideekin ere sartzen ziren, ama oso gaizki zegoela, nola egin diezaiokedan horrelakorik maite ditudan pertsonei...

Igor hantxe zegoela esaten zidaten eta nik bere ohiuak zirenak entzuten nituen kolpeen artean.

Halako batean argia joan zen eta eurek esan zuten Igorri elektrodo makina jarri ziotela eta horrek eragin zuela argia joatea.

Plastiko poltsak jartzen zizkidaten burutik behera, eta atzetik helduta estutu egiten zituzten arnasarik gabe geratzen nintzen arte. Modu guztietara aplikatu zidaten. Zutik nengoela, eserita, lurrean, eskuak lotuta, hankak lotuta, nere gainean jarrita... Prezintoa eta gomaespuma antzeko batzuk erabiltzen zituzten inmobilizatzeko. Indarra eduki nuen bitartean poltsa haietako batzuk haustsi ahal izan nituen, baina eskuan basura rollo osoa jartzen zidaten poltsak haustea ahalegin antzua zela ikusi nezan. Beti zeuden gehiago. Kirola egin arazi zidaten poltsa buruan nuela. Asma eta antsietate atakeak eman zizkidan, eta arnasarik gabe geratzen nintzen. Pare bat aldiz konortea galdu nuen.

Ni oso ahul nengoen eta halako batean bainera egitera eramaten nindutela esan zidaten. Azkenean ez ninduten eraman eta ziegan utzi ninduten, Igor zegoela bainera gelan eta okupatuta zegoela esan zidaten.

Askotan biluztu ninduten. Dutxa batean ere sartu ninduten eta ur hotza eta bero beroarekin ibili ziren gora eta behera.

Ziegan nengoela neke eta astinduaren ondorioz sentsazio arraroak sentitzen nituen. Paretean ere irudiak ikusten hasi nintzen.

Mediku forentsea egunero etorri zen bisitan. Zer moduz nengoen, jan nuen edo ez eta tratua egokia izan zen edo ez galdetzen zidan. Nik beti berdina erantzuten nion. “Trato adecuado”. Ahotsa etortzen zitzaidan burura: “Tenemos un trato. Yo lo cumpliré, pero como le digas algo al médico, detendremos y torturaremos a tu hermano. Está en tus manos que toquemos a tu familia”.

Hiru deklarazio polizial egin nituen, denak aurretik ondo ondo prestatuak. Galdera bakoitzari zer erantzun behar nion memorizatu arazten zidaten.

Deklarazio gelan hitzik egin ez zuen abokatu zegoen, gero epailearen aurrean egongo zena eta bi guardia zibil zeuden. Euretako bat miaketan egon zela uste dut. Ez nuen torturarik salatu, nabarmena zen eurek ere bazekitela zer ari zen gertatzen.

Audientzia bidean mehatxuekin jarraitu zuten. Esan zidaten froga batzuk egitea falta zitzaidala eta segun eta zer erantzuten nuen, berriro euren eskuetara bueltatu behar nuela. Gainera familia kanpoan zegoela eta..... Etxean hartu nuen erropa garbia eman zidaten epailearen aurretik pasatzeko.

Epaileak ea deklaratu nahi nuen galdetu zidan eta nik esan nion ez nuela deklaratu nahi eta mehatxu eta torturen ondorioz egin nituela aurreko deklarazioak. Berak ze tortura eta ze mehatxu ziren galdetu zidan. Ondoren beste galdera batzuk egin zizkidan, nik momentu horretan ulertu ez nituenak: Ea atxiloketa nolakoa izan zen, ea Igor ikusi nuen (nik erantzun nion ez nuela ikusi baina bere oihuak entzun nituela) eta atxilotu ondoren eraman ninduten pista antzeko horren inguruan detaileak galdetu zizkidan.

Este sitio web fue creado de forma gratuita con PaginaWebGratis.es. ¿Quieres también tu sitio web propio?
Registrarse gratis